andoni egana
HITZ ETZANAK

Hamarra

2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Gauza asko da hamarra. Kultura bakoitzean zenbaki bakoitzak bere pisua izango du, baina guk ezagutu dugun inguruan eta garaian, hamarra bada zerbait. Biblian maizen azaltzen den zenbakia omen da, itxurarik gabe. Mandamentuak hamar dira... Futbolari onen-onenek ere hamarra daramate bizkarrean. Tira... Salbuespenak ere badirela frogatzeko, hor daukagu Cristiano Ronaldo...

Hamarra da neurgailu gehienen goreneko muturra. Zerotik hamarrera neurtzen ohituak gaude objektiboki neur ez litekeen oro. Hamarrak bihurtu zuen ospetsu Nadia Comaneci. Baita, arrazoi dudakoagoengatik, Bo Derek ere. Mundu anglosaxoitik dator, baina ia gurekotu dugu top-ten esamoldea ere. Hamar lehenengoak dira aintzat hartzekoak. Gainerakoak...

Hamarra perfekzioa da. Eta numerologian adituek diote lidergoa adierazten duela. Hamar zenbakia bizimodu arruntean askotan azaltzen bazaizu, aingeruek bidalia dela, eta seinale bat dela, iragartzen dizuna egitasmo sendo baten eragile izan behar duzula etorkizunean. Horregatik egin dit grazia, Erresuma Batuko azken lau lehen ministroen argazkien atzealdean, guztietan Downing kaleko 10a azaltzen dela ikusteak. Akaso, hamarrak, aurrerantzean, abiadura adieraziko du. Edo ziurgabetasuna. Edo koloka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.