andoni egana
HITZ ETZANAK

Ahia

2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Hitz bat darabilt buruan jiraka: ahia. Papilla, potito, frutita eta gainerako berba belaxkek tokia jan zioten arte, nahikoa erabilia zen hitza eta umeentzako elikagaia. Esnea eta irina nahastea aski. Janerraza zen ahia. Esanerraza ere bai: aita, ama, ahia... Eta jan nahi ez zenuenean beti zeneukan aitzakia bat: «Joper, ama! Pinportak dauzka honek!».

Garuna ahia pinportatsu sentitu dut gaur goizean egunkarietako berri nagusiari so. Neu nabil mozolotua segur aski. Hasieran pentsatu dut joan zen igandeko emozioek zerikusia izango zutela garuna estropezuka eta tortorka sumatze honetan. Berripaper honen lehen orriko azpitituluari bueltaka jardun natzaio: «Espainiako Gobernuak proposatu du auzitegiak Zigor Kodearen erreforman baliogabetutako zuzenketen edukia lege batean biltzea». Uf! Ezin izan dut jan. «Joper, ama! Pinportak dauzka honek!». Eta euskaldun txarrek —zahar eta berri-en sailkapena birrintzearen alde nago, baina bestelako sailkapenak egiten hastearen kontra ez— egiten dutena egin dut. Hizkuntzaren aitzakia ipini, eta gaztelerazko lerroburuak irakurri.

Ez dut ezer ulertu halere. Errua ez dut nik. Ez du joan zen igandeak. Errurik ez dute albistea ekarri eta erredaktatu dutenek ere. Pinportatsua eta irensgaitza egoera bera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.