Onintza Enbeita.
BIRA

Jasangaitza

2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Nazkatuta naukate. Edozein lekutan zaudela, edozein ordu dela, astegun zein jaiegun, telefonoak jotzen dizu, eta nor zaren galdetzen dizute beste aldetik. Zuk deitu badidazu, zeuk jakin beharko duzu nor naizen. Ez dago ezer ulertarazteko modurik. Eskaintzak egiten hasten dira: telefonoa debalde, bizitza asegurua, kreditu txartela... saiatzen zara azaltzen ez zaizula interesatzen, baina berdin dio, buruz dakiten guztia esan arte ez dute amore ematen. Hori bai, beti gaztelaniaz. Euskaraz egiteko eskatuz gero, isilik gelditzen dira. Batzuetan, ez dakite halakorik baden ere: ozeanoaren beste aldetik deitzen dute, telefono konpainia handiei merkeago ateratzen zaielako deien zerbitzua handik kudeatzea hemendik baino. Pentsa!

Azkenean sututa erantzuten diezu, uzteko bakean, ez duzula ezer nahi, eta mindu egiten dira. Aurreko batean esan zidaten neuretzat ona den gauza bat eskaintzen ari direla, eta ez badut entzun nahi zoroa naizela. Ez dakit zer erantzun nien, baina ezer onik ez.

Badakit ez daukatela ezeren errurik, langileak baino ez direla, enpresa handiak daudela atzean, elkartasuna sentitu behar nukeela haien lan baldintza eskasengatik... baina ezin ditut jasan! Norbaitek gelditu behar du telefono bidez jazartzeko tendentzia hau; gure osasun mentalaren onerako izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.