Twitterren irakurri dut: San Valentin eguna eta maitasun erromantikoa kritikatzen ditugunok bakarrik omen gaude. Gure arazo nagusia ei da maiteminduen egunean inor ez dela gurekin gogoratzen. Eta hori jasan ezinda, benetan maiteminduta daudenak kritikatzen omen ditugu. Negar anpuluak atera arte egin dut barre. Beraz, esan diot neure buruari, bakarrik eta minduta zaude otsailaren 14an inork ez dizulako arrosa gorririk ekarri.
Ez daukat portal bazterretan morreo hotsean erretzeko adinik, baina ibili nintzen horretan ere. Maitemindu naiz eta desmaitemindu naiz. Garai batean pentsatzen nuen biluzten ninduen gizon bakoitza izango zela nire bizitzakoa, baina gerora ikasi dut, neskak aukeren zakuan sartuta ere, zaila dela bizitza guztirako norbait aurkitzea. Desesperazioak jota nengoenetan, pentsatzen nuen etorriko zela bere motoan edo auto berrian Lagara eramango ninduen printze urdina. Orain, ordea, hala nahi dudanean, neu joaten naiz inori begira egon gabe. Balentin bakarra izan dut orain arte bizitzan; eta bera ez zen santua izan, zorionez.
Bai, bakarrik lo egin nuen otsailaren 14an. Ez, inork ez zidan arrosarik ekarri. Baina arantzak ikusteko gaitasunak irakatsi dit benetan maitatzea zer den, eta ez dauka zerikusirik saldu nahi didazuenarekin.
BIRA
Bakarrik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu