Gaur bezalako egun batez agindu omen zuen Karlos I.ak Indietan egiten ari ziren izugarrikeriak sendatzeko. Ez dakit nola osatu daitezkeen ondo pentsatuta egindako lapurretak, hilketak, bortxaketak... ez dakit nola pentsa dezakeen errege batek, egun batean agindu bat eman, eta urteetan egindako basakeriak konpondu egin daitezkeela. Pentsa, agindu hori argitaratu eta hiru mendera, espainiarrek, oraindik ere, Hego Amerika husten jarraitzen zuten. Bere aurpegia garbitu nahi izango zuen Karlos I.ak.
Zuriketek eta inpunitateak jarraitu egiten dute oraindik. Nazio Batuen Erakundeak aitortu berri du baietz, 2007an torturatu egin zutela Gorka Lupiañez. Baieztapena ia-ia ospatu egiten dugu, nahiz eta bagenekien. Hainbeste aldiz gutxietsi gaituzte gure lagunen torturak salatu ditugunean. Hainbeste aldiz ukatu digute geuk ikusita elektrodoen arrastoak ez direla existitzen! Baina guk bagenekien zer gertatu zen. Kostata irakurri genuen Lupiañezen kontakizuna: makila batekin bortxatu, egunean 50 aldiz gutxienez poltsa jarri...
Tortura, ondo antolatutako estrategiaren parte denean, ez du adierazpen batek konpontzen. Agindutako erreparazioak ez du zauririk osatzen. Gutxienez, egiten duenak sistematikoki hala egin duela onartu behar luke.
BIRA
Mina sendatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu