Onintza Enbeita.
BIRA

Ereduak

2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Bizikletaz atera zen futbolari bat San Mamesetik. Beste jokalari guztiak ehun urtean lan eginda ere erosi ezingo genituzkeen autoetan joango ziren etxera. Kritikatzen duguna, ostera, bizikletan joan zena da: itxurak egiten ari omen zelako. Eta besteena ere ez al da itxurakeria? Badirudi, luxu betean bizi ez bazara, ezin duzula lehen mailako gizonezkoen futbol ligan jokatu. Eroso sentitu behar duzu jende normalarengandik milaka kilometrora gertatzen den mundu batean.

Ez zait txalotzeko modukoa iruditzen futbolari bat bizikletan ibiltzea: normala behar luke. Baina nazkagarria iruditzen zait hogei urte bete berri dituen edozein nerabek berrehun mila eurotik gorako autoa izatea. Eta horretaz ez du inork hitz egin nahi: gu ere horrela biziko ginateke hainbeste diru bagenu. Horixe da gure arazo printzipala: guk halakoak izan nahi dugu, diru asko izan nahi dugu, haiek egiten dutena egiteko.

Agian horregatik isiltzen da jendea Ogasun Sailak Atlheticeko jokalariekin duen jarreraren aurrean. Ez omen zuten haientzat egin legea, baina haiek izango ziren onuradun nagusiak, atzera bota izan ez balute. Gizonezko futbolariak miretsiak eta jarraituak dira. Nik neuk badakit zein eredu miretsi nahi dudan, baina gehienek aurpegira barre egiten digutela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.