Onintza Enbeita.
BIRA

Aberri eguna

2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Igandean Aberri Eguna», esan dit. Ez diot aurrerabide handirik eman. Gero eta gutxiago gustatzen zait egun hori. Gurago nuke perimetro guztiak irekiko balizkigute Aberri Egunak zentzua daukan norabaitera joateko. Hemen bakoitzak ditu bere aberria eta bere eguna. Batzuek hiru lurralde hartuko dituzte kontuan; beste batzuek, zazpi, eta izango da batere ikusi nahi ez duenik. Ospakizunak eta aldarrikapenak ere gustu guztietarako izango dira. Batzuek manifestazio nazionalera deitu dute, beste batzuk mitinarekin konformatuko dira, eta bakoitzak bere herrian egin dezala izan da besteen deialdia. Eta ospakizun horietan guztietan sakabanatuta egongo garenok eta egon nahi ez dutenek aberri bera eraiki behar dugu. Ez naiz ezkorra, baina etsigarria da.

Aberriaren eguna bada, guztiontzat behar luke, baina gure aberria obretan dago: beti gintzan ari gara gu. Eta batzuek eta besteek oso zera desberdina eraiki nahi dugu. Izango da egun bat gure herriak egun bakarra izango duena: Maulen zein Balmasedan aberri berari egun berean gorazarre egingo dioguna. Bitartean hauxe omen da dagoena. Ezin dut Barandiaran eta Gurrutxagaren bertsoa burutik kendu: «bakoitzak bere greba, bakoitzak bere Aberri Eguna / orduan ez dut ulertzen zer den, herri egiten gaituna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.