Onintza Enbeita.
BIRA

Errepideak

2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ez dakit zergatik pozten gaituen errepide sare ona izateak. Benetan. Ez dut gurdibideen aldeko manifesturik idatziko, baina gure bide azkarrak beti daude obretan. Batzuetan hobetzeko izaten da, baina beste batzuetan saihesbideak eskertu ditzagun egiten dituztela iruditzen zait. Esango didazue, bestela, nola den posible kostako bideak obraz betetzea, noiz eta udan. Bai, niri ere errukia ematen didate errepideko langileek euripean; batez ere, noiz pasatu behar dugun esaten digutenek. Gezi eta Stopdun kartelarekin begiratzen didatenean, pribilegiatu sentitzen naiz. Ordea, udan ez dira hobeto egoten: eguzkitan erre beharrean.

Gainera, obrak beti egin behar badira, zergatik ez egin trafikoaren arabera? Bada, gure herriko gizon jakintsu batek behin esan zidan moduan, denok autopisten eta saihesbideen alde jartzeko. Uda batez egin zuten Gernikako sarrerako biribilgunea; artean, Gernikak ez zeukan saihesbiderik. Egunero joaten zen Gernikara, eta egunero egoten zen sarreran geldi: «Hara, ume, orain arte ez diot zentzurik ikusi saihesbideari, baina uda hau eta gero, neu ere alde nago. Lortu dute nahi izan dutena». Ez dakit zer pentsatuko lukeen berak oraindik errepidean balebil, baina bere moduan pentsatzen hasi naiz ni. Adina izango da... edo horrelako zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.