Onintza Enbeita
BIRA

Inhumanoa

2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zerbait oso gaizki egiten ari gara. Ez dakit non egin dugun akatsa, akats bakarra egin ote dugun edo denean huts egin dugun, baina gure zahartzaroan txarto behar dugu! Prentsaren aurrean ikusi ditut zahar etxeetako langileak administrazioari koloreak atera nahian, baina administrazioa lasai dago. Salatu den egoera lotsagarria eta inhumanoa, hala definitu dute langileek, gertaera konkretu bat izan dela diote arduradunek. Ez ei da orokorrean gertatzen den gauza bat. Hemen dugu, berriz ere mahai gainean, zaintzaren pastela.

Ez dut ikusten gure gizartea, ez ditut ikusten gure politika publikoak, zahartzaro duinaren aldeko apustu serioan. Alde batetik, nahiago dugu atzerritarrak esplotatzea gure gurasoak erresidentziara eroan baino, eta, bestetik, erresidentzia guztiek ez dituzte zerbitzu duinak eskaintzen. Eta badirudi gure osasun politiken lehentasuna ez dela hori. Izurri garaian preso egon dira zaharrak, eta orain, izurri ostean bertan behera uztea da behar duten bakarra.

Urrun ikusten dugun gauza bat da zahartzaroa. Tabernan erraz esaten dugu «ni erresidentziara», baina benetan, beldurra ematen digu zenbait albiste irakurtzeak. Eta hori bai bada inhumanoa: zure bizitzaren azken etapara heltzen zarenean, zure ongizatea bermatuta egongo ote den zalantzan egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.