Onintza Enbeita.
BIRA

Koherentzia

2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ea nire ezkontza noiz izango den galdetu didaten bakoitzean euro bat kobratu izan banu, aberatsa ez nintzateke izango, baina afari eder bat jango nuke. Ez naiz ezkontza askotara joan, baina joan izan naizenetan ederto pasatu dut. Feminismoak irakatsi didan guztia irakatsita ere, badira irribarrea eragiten didaten gauza normatiboak. Batzuetan neure buruarekin haserretzen naiz «ea hurrengo nor ezkontzen den» esaten dudanean lehengusuen bazkarietan,edo film erromantikoak ikusten ditudanean, edo zalantzan jarri beharko nituzkeen gauza askotan parte hartzen dudanean.

Halakoetan konturatzen naiz koherentzia nekagarria dela. Ezertan sinisten ez duenak edozer egin dezake inolako kontraesanik gabe, baina zerbaiten parte denak edo zerbaitetan sinisten duenak zail izaten du erabakirik hartu beharrik gabe aurrera jarraitzen. Erabat gure kontra eraikitako mundu batean bizi gara, eta gauzak diren baino justuagoak izateko borroka egiten dugu, baina, aldi berean, munduak gure kontra egoten jarraitzen du eta han bizi behar dugu. Horregatik sortzen zaizkigu kontraesanak, haserreak eta zalantzak, eta horiek ere ederrago egiten dute bizitza. Izan ere, koherentzia gogorra bezain ederra da, eta haren izenean ez dugu guardiarik jaisten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.