Onintza Enbeita
BIRA

Kontuz

2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da Euskal Herrian gertatu, baina zerbaitek esaten dit gertatu zitekeela. Diputatu biren arteko eztabaida izan da, eta, amaieran, harrotasunaren egunean kontuz ibiltzeko esan dio batek besteari. Sexu osasuna ere eztabaidaren parte izan da, eta nonbait horra iritsi nahi zuen diputatu homofoboak: ekainaren 28ko ospakizunetan sexu bidezko gaixotasunak transmitituko direla esan nahi zuen. Larria da. Duela ez hainbeste urte hiesa homosexualen minbizia zela esaten zuten, eta handik urte gutxitara gehiago izan ziren gaixotasuna izan zuten heterosexualak gayak baino. Grabitatea grabitate denetik, bota duenaren aurpegira erortzen da gorantza botatako txistua.

Hala ere, kontuz ibiltzeko gomendio horrek kezka handia sortu dit. Izan ere, eraso homofoboek nabarmen gora egin dute; baita euskaldunon herrian ere. Ez da joera sexual konkretu bat izan behar halakoen aurrean asaldatzeko. Orain homosexualak dira dianan daudenak, baina azkenean faxismoak ez du inor bakean utziko. Instituzio publiko batean, haiekiko zalantza guztiak izanda ere, haiekiko konfiantzarik ez izanda ere, ezin da onartu ideia faxistak defendatzen dituen pertsona batek tentuz ibil dadila esatea beste inori. Ze badakigu faxismoak kontuz ibiltzeko esaten duenean zer egiten duen gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.