Onintza Enbeita.
BIRA

Eguraldia

2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Ez dakit munduan egongo den bazterrik eguraldiaz hemengo beste hitz egiten denik. Bero handia egiten badu, notizia da. Hotz handia egiten badu ere bai. Elurra ari badu, kontatu egin behar da, eta euririk egiten ez badu ere bai. Askotan pentsatzen dut ez dugula euskaldunok arazo handirik eguzkiaz eta euriaz hainbeste hitz egiteko. Zertaz hitz egin baduenak, zer konpondua baduenak, nekez pasatuko ditu orduak euriaz berbetan. Errealitatea gordina da, ordea, eta guk baditugu eguraldia baino kezkagai handiagoak. Askoz handiagoak. Eta, hala ere, informatibo osoak betetzen dituzte elurrarekin, izotzarekin, haizearekin...

Fenomeno klimatikoek lehorteak edo uholdeak eragiten dituztenean ulertzen dut gaiak izatea, baina goizero zeruak dakarrena ez da goizero notiziagai. Askotan pentsatzen dut bizitza errealean pasatzen dena pasatzen dela albistegietan. Elefantea motxilatik ez ateratzearren hitz egiten dugula denboraleaz, alegia. Sorbalda gainean sekulako harria izan, eta harriaren jabea parera datorrenean harri hori ez den beste edozertaz hitz egiteko prest egon ohi gara. Eta komunikabideetan berdin. Zenbat eta gehiago hitz egin elurraz, izotzaz edo beroaz, orduan eta gutxiago hitz egin behar da bizitza duina bizitzea ukatzen digutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.