Onintza Enbeita.
BIRA

Konpromisoa

2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gazteek euskararen alde kaleak hartu zituzten ostegunean, eta ostiralean, Orereta ikastolako lagunek euskara batuari gorazarre egin zioten giza kate batean. Ederra da askok hilda nahi luketen hizkuntza baten aldarriek kaleak betetzea. Ez genuke, ordea, euskararen biziraupena ekintzaileen esku bakarrik utzi behar. Ondo dago gazteek, ikastolek, euskaltegiek, hiztegiak egiten dituen jendeak, Euskaltzaindiak... euskararen aldeko konpromisoak hartzea; izen horietan guztietan sartzen ez garenok ere, ordea, asko egin dezakegu hizkuntzaren alde. Egia esatea nahi baduzue, berdin dit gure hizkuntza Europako zaharrena den edo ez, berdin dit euskarazko hitzen erroak erromanikoak diren edo ez, berdin dit euskara ikastea beste mila hizkuntza baino errazagoa edo zailagoa den. Euskara nire hizkuntza da, eta hura erabiltzeko eskubidea dagokit.

Askok egin diegu gazteei txalo aste honetan sare sozialetan. Halako ekimen baten antolatzaileak zoriontzea zilegi eta beharrezko da, baina ez gaitezen horretan geratu. Euskarak denok behar gaitu: garai bakoitzak bizi dituen arazoen neurriko erantzunak behar ditu garai hori, gazteago edo zaharrago, bizi dugun guztion partetik. Leku, arazo eta momentu askoren aurrean gorputza jarri dugun bezala, jarri dezagun ahotsa behar den leku orotan: euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.