Urdaibaik gauza eder asko ditu eta hainbat azpiegitura falta ditu. Guggenheim ez da horietako bat. Turismotik bizitzearen onurak azaldu nahi dizkigutenek ez dute pentsatu lotarako ze leku gutxi daukagun, edo ze aparkaleku gutxi, edo kanpatzeko ze aukera gutxi. Pentsatzen dute alokairu turistikoek diru asko emango dietela. Askorik kalkulatu gabe bertan bizi garenontzat zer ekar dezakeen horrek. Guggenheimek mapan kokatuko ei du gure bizilekua. Bueno, inork ez digu galdetu mapetan egon nahi dugun. Are gehiago, inork ez digu galdetu mapetan egotekotan zergatik egon nahi dugun. Munduaren aurrean agertzeko modu polita da askotariko basoak izatea eta bioaniztasunari eutsi dion leku bat izatea. Gustatuko litzaidake gurera jendea txoriak eta haiek bizi diren basoak ikustera etortzea. Martxa honetan, ordea, txoriek gu baino leku hobeak aurkituko dituzte haien migrazio bidean. Itsasoak ematen digunaz aparte, paisaia izorratu egin dugu. Eta niri galdetuko balidate turismo gidetan nola agertu nahi dudan, «inguru berde aberatsean» erantzungo nuke. Hori delako izan garena eta hori delako gure bizimoduaren erakusgarri. Ez dut munduaren aurrean Bilboren luzakina izan nahi.
Zorionez, aukerak zabaltzen ari dira. Basos elkarteak pauso bat eman du aurrera. Ez genuke bakarrik utzi behar.