andoni egana
HITZ ETZANAK

Sortu

2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Lehendik ere banekien, baina gaur, beste behin ere, frogatu dut. Urteak eman nituen konturatzerako. Minetik burukotik, haginetakotik, iragan minetik... ongi sortzen da. Askotan, lagundu ere egiten du sortze lanak mina ahanzteko orduan. Neketik ere ez da gaizki sortzen. Ohikoa baino bruma handiagoa sumatuko duzu garunean, baina hortzak estutu eta aurrera joko duzu. Euforiatik, ez duzu zuk uste bezain ongi sortuko akaso, baina autokonfiantza handiz ari den bati ez zaio josturarik nolanahi bistatzen. Galbanatik ez da ongi sortzen, baina jendaurrean bazaude behintzat ez duzu nagiak atera eta lanari ekin beste aukerarik izango.

Gaizki, haserretik sortzen da. Zeure buruarekin edo inguruko norbaitekin haserretzen bazara, orduan bai burua lausotuko zaizula. Apurka-apurka amilduko zara eta ezin izango diozu egoerari bueltarik eman, zenbat eta erretxinduago orduan eta ezgauzago.

Goizean goiz egunkariak ezkaratzean izateak alaitzen dit jaiki beharra. Banatzaileak lo hartu duelako edo, gaur ez neuzkan. Mundua geratu egin dela iruditu zait. Madarikatu dut banatzailea; madarikatu astelehena, egunkari baten falta sumatzen dudalako; egunero zerbait idatzi beharra ere madarikatu dut. Ez haserretzea erabaki dudan arte ez diot zutabeari ekin ahal izan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.