andoni egana
HITZ ETZANAK

Geratu

2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Egonean gaudela edo ibilian gabiltzala, ahaztu egiten zaigu nondik gatozen. Duela 54urte bizkaitar talde bat hasi zen premia sumatu eta zerbait egiten. Kuadrillatxo batek asteburuetan autoa hartu eta errepidera jotzen zuen, bolondres lanetan, istripu edo matxuraren bat izan zuen errepide ertzeko gidariari laguntzera.

Ernamuin horretatik sortu zen DYA, betidanik sorosle lanetan ezagutu izan dugun taldea. Izana egokituz joan badira ere —laguntza mekanikotik osasun laguntzarako jauzia eginda— hasera hartan jarri zioten izenari eutsi diote. DYA, Detente y ayuda-ren akronimoa zen. «Gera zaitez eta lagundu», alegia. Sakelako telefonorik ez zen garai haietan, garrantzitsua zen istripua edo matxura ikusten zen lekuan geratu eta laguntzea. Paradoxikoki, gerora, ezinbestekoa eta larri-larria ez bada behintzat, ez geratzea bihurtu da garrantzitsu, ahalik eta bizkorren berri eman eta enbarazu ez bihurtzeko, ez geratzea. Laster iritsiko dira sorosletzan trebaturik daudenak...

Birus atorrante honek lehengo garaietara itzularazi gaitu. Berriz ere lehengo zentzua hartu du akronimoak. Geratzea da, etxean geratzea, laguntzeko modurik onena. Bizkaitar kuadrilla haren burutaziotik sortu zen taldeari utzi kalea. Badakite zer egiten duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.