andoni egana
HITZ ETZANAK

Aldaketa

2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Balkoi naizen aldetik, balkoi xume, aitortu beharra daukat oso pozik nagoela. Azken boladak balio izan dit nire izatea eta maila onar diezadazuen. Lehen ez bezala, orain jendeak berezi egiten nau terraza eta begiralekuetatik. Eta horrek nortasuna ematen dit.

Baina garrantzitsuena da leihoekiko alderaketan beti galtzaile izan naizen honek orain buelta eman diodala egoerari. Leihoak ziren beti protagonista poesian, kantuetan, filmetan... Abadiñon San Blasetan neskazaharrak bentanetan egoten ziren, eta ez balkoian; erromantzean lo-belarraz lokarturiko neska gazte xarmanta salako leihora irten zen marinelari dei egitera, eta ez balkoira, edukiko zuen baina; Yoyesek bere leihotik idatzi zuen; bultzi-leihotik Lizardik; tren-leihotik kantatu zuten Alaitz eta Maiderrek. Balkoiek ez genuen halako mailarik. Romeo eta Julietarena bai, ongi zegoen, baina aspaldiko kontua da eta gaizki bukatu zen. Pilatosen balkoikoek are okerrago amaitu zuten; bertsolariek egiten zuten balkoitik balkoira, baina zarpail ospea zuten orduan; Zeledonen etxeari dagokionez berriz, lehenengo leihoa aipatzen da eta gero ni, azken putz; Windows intelektualen kontua zen, eta balconing-a, astapotroena...

Majo aldatu dira orain kontuak. Eta ni, balkoi xume hau, poz-pozik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.