Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Oroimen bizia

2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Duela hiru urte, Vitoria, 3 de marzo filmeko grabazioan aritu nintzen estra gisa. Papar-hegal handidun alkandora jantzi eta langile mugimenduaren parke tematiko moduko batean sentitzen nintzen batzuetan. Zuzendariek lan-ingurune batean inoiz espero ez nituen aginduak ematen zizkiguten: pikete egin lantegian, poliziari harriak jaurti —«faxistak!», elizetan sartu eta builaka aritu... Dena neurtua zen, ez zegoen arriskurik. Gu, lasai eta irribarretsu.

 

Egun nagusia grabatzen ari ginela, San Frantzisko elizan, izugarrizko jende-andana bildu zen. Hartualdi artean bankuetan eserita ordu geldoak eman genituenez, berriketari ekin genion inguruko ezezagunok. Zinemagintzaren gorabeherei buruz ari ginela, kontatu zuen gizon batek: «Begira, hango eskailera hartatik erori nintzen, hamasei urte nituela. Korura igo nintzen ikuspegi hobea izateko, baina poliziak gasak bota zituenean eliza barrura jende guztia korrika hasi zen, bultza egin zidaten eta plast! Ez nekien ateratzeko gai izango ote nintzen!». Geroago, emakume batek: «Hamalau urte nituen. Aitak berarekin etortzeko baimena eman zidan, baina betiere irteeratik gertu egoteko agindu zidan, badaezpada. Gasa eta tiroak hastean, ia inor baino lasterrago atera nintzen, baina poliziak norbait hiltzeko astia eduki zuen dagoeneko eta hala, gazte hildako baten gorpua topatu nuen atera bezain laster».

Horrelako askoz ere gehiago entzun nituen egun horretan. Ezohiko bizipena izan zen: ez genuen aurretik elkar ezagutzen, gertaera mingarriei buruz ari ginen, baina hala ere mundu guztiak bere istorioa kontatzeko premia zeukan. Lasaitasunez, oroitzapenek gogoa asaldatu gabe, pozik testuinguru egokia topatu izanagatik gauza horiek komentatzeko.

Orduan ulertu nuen inoiz baino hobeto oroimena komunitatean mantentzearen garrantzia. Zenbait gasteiztar lanean ari dira aspalditik eliza hura memoria-gune bihurtzeko eta, aitortu behar dut, ez nuen inoiz ondo ulertu zertan zetzan haien asmoa. Baina beharbada grabazio-ordu haietan sortutakoaren antzekoa da, gizartearekin bizi izandakoa lasai partekatzeko aukera. Ezezagunen arteko solasaldi bat sortzea bakoitzak gordetako mina aska dezan, hurkoaren bizipenez ikas dezan eta denon artean lan egin dezagun oroimen horiek irakaspen bihurtzeko etorkizuneko erronken aurrean.

Euskal Herriko zenbat gertaerak ez ote duten horrelako zerbait merezi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.