andoni egana
HITZ ETZANAK

Bananatan

2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Sarri samar gertatzen ari da nonbait. Goiz osoko festa izan dute fruta-dendan. Kanariar irletatik zetorren banana-kaxa bat irekitzean, enplegatuak sustoa hartu du. Sugandila bat! Hari heltzeak hozkia ematen ziola etanagusiari deitu dio animaliaren berri emanez. Bezeroak banana-kaxara hurbildu dira, ikusmiran. Kasualitatez, une hartan albaitaritza ikasten hasitako mutil gazte bat egokitu da dendan. Begiratu dio sugandilari eta oihu egin du: «Ez da sugandila!». Korroan elkartuei azalpenak eman dizkie: Kanariar irletako musker txiki bat dela, berezia oso, espezie babestua. Berak egin ditu egitekoak. Lagun bati deitu lehenengo, haren bidez Foru Aldundiko sail batekin harremanean jarri, animalien aterpetxe batera deitu gero...

Eguerdia zen gizonezko bat sugandila ez zen sugandilaren bila fruta-dendan azaldu denerako. Irunera zeraman animalia, propio ekarritako kutxa batean. Fruta-dendako langileak lasaiago geratu dira. Bi-hiru orduan kariñoa hartu diote piztiari, eta badakite gaur izango duela zer jana eta gauerako epela.

Banana-kaxa hutsik geratu da dendako txoko batean. Hondoan, sugandila goxo egon zedin, langileek jarritako egunkari-orri arras ximurtua. Kanar, 300, hotel, Mali, Irun… irakur zitezkeen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.