andoni egana
HITZ ETZANAK

Hondakinak

2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Txertaketarenak, konpartituriko zerbait den unetik, beti ematen du zer kontatua. Lehen ziztada hartutako adineko bati galdetu nion biharamunean zerbait sumatu zuen. Ezetz erantzun zidan. Fidagaitza nonbait berez, susmagarri gertatu zitzaion deus ez sentitu izana, eta ez zuen aukerarik galdu ziria sartzeko: «Bere garaian entzun nian bakoitzari seitik bat tokatzen zaigula. Eta nik uste diat niri hondakinak tokatu zaizkidala. Ipurdiari itsatsitako ttanttaren bat gehienez. Gordeko ziaten norbaitentzat nire partea...».

Orduan irribarrea ostu zidan hondakinarenak. Hitz bati kariñoa hartzen diozu testuinguruaren arabera.

Hondakin hitzak min ematen dit orain, aitona haren hitzetatik hilabetera. Geure zilborrera—geure besaburuetara esan beharko genuke— begira geundela, mundua bazebilen, ibili. Eta ez onerako beti. Gaza hiriko eraikinei lotua azaldu zaigu azken asteotan hondakin hitza. Etxeak bihurtu dituzte han hondakin, israeldarren misilek. «Hondakinen artean haurren negar-hotsa entzuten zen» esaldiak bihotza iraultzen du, eta begiak jartzen ditu —beharko jarri!— geuretik, egunerokotasun amorragarri honetatik, xiringatik eta ziritik urrun, oso urrun. Eta orduan sentitzen den ziztadak, egiatan ematen du min!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.