andoni egana
HITZ ETZANAK

Osasuna

2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Zenbat begiratzen diogun ahotik sartzen denak osasunean duen garrantziari! Zeinen gutxi burutik sartzen denak duen pisuari!

Cristiano Ronaldo futbolariak, prentsaurreko batean, bere parean zeuzkan bi Coca Cola botila ezkutatu ditu mahaipera. Freskagarri azukredunak ez ditu nonbait gustuko, pertsonaren osasunean duten eraginarengatik. Imintzio indartsua nonbait, galera handiak izan omen ditu Coca Colak egun bakarrean. Ez nintzateke gehiegi harrituko futbolariak eta freskagarri enpresak aurrez adosturiko publizitate kanpaina baten ezusteko hasiera balitz. Baina demagun ez dela hala, portugaldarrari zinez sortu zitzaiola, soinetik, edari azukredunaren kontra egitea. Eredugarri litzateke haur eta gazteentzat.

Duela pare bat aste, ordea, bere hamazazpi auto, goren mailakoak, ikusi ahal izan genituen; gaixotu zelarik, bere hegazkin partikularra; bere hogeitaka logela eta hiru piszinako etxea; bere txakurrak; bere fisio taldea; bere umeak; bere itsas-motoa; bere bitxi askotarikoak... Hainbeste eduki beharrak eta hainbestetan erakusteko premiak kalte handiagoa egiten diote gaztetxoen osasunari lau Coca Colak baino. Ume pobrearen ahosabaia indarra galdutako litro eta erdiko Coca Cola urmaelduaren zaporera egina dago. Ez kendu hori ere...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.