andoni egana
HITZ ETZANAK

Presaka

2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Izena jarriko diot. «Uztailaren 24ko» sindromea izan daiteke. «Lotuta utzi» edo «itxi» izan daitezke gaitza ongien islatzen duten hitzak. Urteko oporraldirik luzeena hartu aurretxoan sortzen den presak eta urduritasunak sortzen du «uztailaren 24ko» sindromea. Badoanak, bakoitzak bere erantzukizun mailaren arabera, lanak bukatuta edo utzi nahi izaten ditu, eta zalaparta handia sortzen du batean eta bestean.

Balizko bezero guztiok garenetik, eta helbideak askotarikoak direnetik, bonbardaketa izugarria jasaten dugu urtean zehar. Ordenagailukora ez bada, sakelakoaren pantailara iritsiko zaizkizu banketxeen, optikoen, lurrin-marken, aseguru-etxeen, komunikazio enpresen... mezuak. Eskaintzak izaten dira gehienetan. Autobonboa —burututakoen azalpen beti positiboa—, ez gutxitan. Ez diezu inoiz jaramonik egin, baina eurak segi, segi eta segi egiten dute, egun, esandakoak egitea baino garrantzitsuago bihurtu baita egindakoak esatea.

«Uztailaren 24ko» sindromeak jota, dena lotuta utzi beharraren poderioz, dena itxita, egunotan sarri iristen den mezua honakoa da: «Oporretara goaz». Zuk, harreman ez den harreman horri eusteko inongo ahaleginik egin ez duzun horrek, erantzun pipertua emateko gogoa sentitu duzu: «Eta niri zer?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.