Onintza Enbeita.
BIRA

Eguneraketa

2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Sutan jartzen nau telefonoari eguneraketarik sartu ezinak. Hasieran denak funtzionatzen du zoragarri, baina gero, gauzarik sinpleenetan ere kaka zaharra! Amorrua ematen dit erabili eta botatzearen kultura honek. Telefono bat saltzen dizute munduko onena delakoan, eta handik hiru urtera ezin dituzu erabiltzen dituzun aplikazioak eguneratu. Zer egin behar dugu: aldiro ondo dabilen telefonoa bota eta berria erosi?

Mundua zabortegi bihurtzen ari gara. Klima aldaketa arazo handi bat da, beroa beste bat eta sortzen dugun zabor guztia beste bat. Ez gara errudun bakarrak, ados. Kapitalismoak, hura kudeatzen dutenek, munduaren aginte kontrola hartu duten lau psikopatek, gure agintari neoliberalek eta faxistek dute errurik handiena. Egunero ikusten ditut telebistan eta badakit ez dutela egoera hobetzeko ezer egingo. Zer egingo dugu guk, ordea? Zaldibar ahaztu dugu, atez atekoari buruzko benetako eztabaida egin gabe jarraitzen dugu, edukiontziak bete egiten ditugu non hustuko dituzten galdetu gabe, plastikoa lehengo beste kontsumitzen dugu, janariaren zaporea daukaten gauzak jaten ditugu janaria ekoitzi beharko litzatekeen lekuetan porlana botatzea onartzen dugulako... eta zaborra sortzen dugu tonaka. Eguneraketa orokorra behar dugu gure sistema operatibo propioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.