Onintza Enbeita.
BIRA

Erroma

2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Erromak ez omen zituen traidoreak ordaintzen. Hala esan zieten Viriato hil zutenei. Laguna akabatzeko erosi zituen Erromak, baina laguna hiltzearen ordaina eman ordez, haiek ere hil egin zituzten traidore izatea egotzita. Gaur ere gertatzen dira halakoak. Askotan eskatu zaio hari edo honi bere ibilbidea uka dezan, bere ideologiaren ustezko gezurra onar dezan, publikoki akatsak onar ditzan... eta gero, errediturik ematen ez duenean, bertan behera utzi da. Utzi da lehengo lagunak kenduta eta berririk eman gabe. Erroma Erroma baita eta hala izan baita beti: inperioaren sinboloa eta sinboloen inperioa.

Eta Erromak ez du bere menera egon ez den inor goraltzen. Ez lehen, ez orain. Eta ahaztuta uzten dituzte politikari onak izandakoak, artista bikainak, militante ahaztezinak... Erromak badaki nor irakatsi behar duen eskoletan eta komunikabideetan eta besteok hori irensten dugu, eta ikasarazi zizkigutenen ondoan, ondo-ondoan, jende hobea dago. Eta izen horien bila itzaletan ibili beharrak sutan jartzen nau. Eta neure onetik ateratzen nau ikusteak, ustez botere sinboliko horien guztien kontra daudenek ere, ez dutela zalantzan jarri noiz eta non nor omendu behar den edo dokumentalak nori buruz egin behar diren edo maite izan genituenei buruz zer ezkutatu diguten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.