Onintza Enbeita.
BIRA

Heriotza

2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gaixorik egon da? Mezua erantzun aurretik arnasa hartu dut. Ez dut uste, bat-batean izan omen da. Gustura erantzungo nioke: zer aldatzen du horrek? Betirako joan da. Betirako. Joan.

IƱigo Muguruzaren gaixotasuna ze fasetan zegoen jakin nahi zutenek, Jon Barberenak zer ote zuen jakin nahi dute. Eta diot nik ea horrek ardurarik baduen hutsunea baino ikusten ez dutenentzat. Niretzat ez da garrantzitsua modua, hutsunea baino. Pentsatzen dut nik min hartu badut berria jakitean, egunero haien bizitzetan egon zirenak jota egongo direla. Eta orain, bizi direnei minean lagun egitea da inportantea.

Jonen irribarrea ezin dut begien aurretik kendu. Eta ezin dut sinestu itzali egin denik. Onenak joaten direla eta halakoak esaten ditu jendeak, baina ez dit horrek ere balio. Gogoratzen naiz Nafarroaren Egunean Baigorrin elkartzen ginela, bertso saioetan, kasualitatez, zorion mezuak... eta orain akabo. Baina batez ere akabo bere emana, bere ekarria, bere poesia, bere bertsoak. Eta min egiten dit. Min egiten dit bizitzeko adinean hiltzen den jendeak.

Batzuetan, heriotzak, sufrimendua eteten du, baina gehienetan min ematen du, aho zapore garratza uzten du, munduarekin haserretzen gaitu. Eta hau halako kasuetako bat da. Zure azken agurra, Jon, garratza izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.