Onintza Enbeita.
BIRA

Matriuska

2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gure etxeak matriuska baten antza dauka: lau horma, hormen barruan armairuak, armairuen barruan kutxak, kutxen barruan kutxa txikiagoak eta gauzak. Gauza asko leku guztietan. Opariak, bidaietatik ekarritakoak, papera, loreak, postalak, liburuak, diskoak, egutegiak, pelutxeak... ez dakit zenbat terapia egin ditudan azken hogei urteetan, baina badakit guztietan azaldu didatela gauzak botatzearen garrantzia. Alferrik.

Ahalegina egiteari ez zaio utzi behar, ordea, eta itxialdia une aproposa da armairuak aireztatzeko. Hasi naiz kaxak zabaltzen, eta terapiek lortu ez dutena koronabirusak lortu bide du. Gordetzeko tentazioaren aurrean, kutxa batzuk ere bota egin ditut. Garbitzen, oparitzen, botatzen nabilela, oroitzapenek hor jarraitzen dutela konturatu naiz.

Sorpresa atsegina izan da benetako matriuska neu naizela ulertzea: geruzaz geruza oroitzapenez eta bizipenez beteta nago. Izandako muxuen, algaren, mendien, bertsoen, azken agurren, ongietorrien, negarren, laztanen, ezkontzen, kantuen, errepideen, esanen, gonbidapenen, garagardoen zein azalen oroigarri fisikorik ez dut behar. Neure gorputza da bizi izan dudan guztiaren lekuko fisikoa, eta biziko dudanaren itxaropena gordetzen duena ere bai. Eta pisu itzela kendu dut gainetik; bai fisikoki eta bai metafisikoki ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.