Onintza Enbeita.
BIRA

Terapia

2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Anariren kantuan esaten den ia guztia probatu dut: kantuak, makrobiotika, liburuak, konstelazioak, terapia eta sare sozialak. Antsiolitikoen eta farmaziaren lekuan argaltzeko kremak eta dietistak ipiniz gero, kantua neure neurrira eginda legoke. Eta xamanekin ere egona naiz. Eta Tibeteko harri batzuekin ere egin nuen gauza arraro bat behinola. Eta kinesiologia probatu dut, eta psikoanalisia, eta mediumak, eta psikoterapia, eta biodantza, eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Eta inoiz ez dut argi izan zeren bila nabilen. Akaso, emandako diru eta denbora guztia eskuan banu, hobeto nengoke, baina hori ere ez daukat garbi. Kalterik egiten ez duten gauzak direla pentsatu dut beti, baina ez dirudi terapia batek berak ere beharrezko erantzun guztiak eman dizkidanik. Bestela ez dakit zergatik jarraituko nukeen bila eta bila.

Orain hemen nago. Geure etxean, bakarrik. Neure burua eta neu ohean, neure burua eta neu dutxan, neure burua eta neu sofan, neure burua eta neure gorputza elkarri plazera emanez, neure burua eta neu jaten, neure burua eta neu sutondoan, neure burua eta neu norbaitek deitzeko zain. Eta hauxe da beharrezko nuen terapia, hemen daude erantzun guztiak: neuregan. Batzuetan ordea, badakiguna ezpain arrotzetatik entzutea behar izaten dugu espabilatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.