Europako Parlamenturako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Bilbaok Bruselan jarraituko du

EAJren eta Geroa Bai-ren CEUS koalizioak irabazi ditu Europako hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Guztira zortzi euskal ordezkari izango dira Bruselan

Bilbaok Bruselan jarraituko du.
Miren Garate.
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Hiriburuetako eta batzar nagusietako emaitza onei Europako Parlamenturako jasotako botoekin jarri die ginga EAJk, alderdirik bozkatuena izan baita Hego Euskal Herrian. Europa Solidarioaren aldeko Koalizioan (CEUS) aurkeztu da, Geroa Bai eta beste alderdi batzuekin batera (Coalicion Canaria, Compromiso por Galiza, Proposta per les Illes eta Democrates Valencians). Baina ohiko bazkidearen babesik gabe, azken hauteskundeetan bidelagun izan duen CiUrik gabe. Haren oinordekoa den PDeCAT alderdiarekin ados jartzerik ez zuten lortu jeltzaleek aurreko hilabeteetan, alderdi katalanak preso eta erbesteratuak hauteskunde zerrendan sartzea lehenetsi zuelako —Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia buru—, eta hori ez zuelako begi onez ikusi EAJk. Inkestek ez zioten ordezkaririk bermatzen Izaskun Bilbao zerrendaburuari. Hain zuzen, horixe zen Europako hauteskundeei begira Euskal Herrian zegoen zalantza handienetako bat: ea CEUSek lortuko ote zuen parlamentariren bat eskuratzea. Eta 573.000 bototik gora jasota —horietatik 405.000 baino gehiago Hego Euskal Herrian— , oso aise lortu duela ere esan daiteke. Anekdota moduan aipagarria da Puigdemonten PDeCATek 6.000 boto baino gehiago lortu dituela Hegoaldean.

Doi-doi, PSOE izan da bigarren alderdirik bozkatuena. 300.000 boto baino gehiago jaso ditu, guztien %13 pasatxo. Barruti bakarraren sistema erabiltzen du Espainiak Europako hauteskundeetarako, eta lurralde guztietako emaitzak batuta, hogei eserleku eskuratu ditu alderdi horrek. Horietatik hiru euskal herritarrek beteko dituzte: Iratxe Garcia zerrendako bigarrenak, Eider Gardiazabal zerrendako zazpigarrenak eta Adriana Maldonado hamabosgarrenak.2014ko hauteskundeekin alderatuta, boto kopurua bikoiztu egin du alderdi sozialistak Hego Euskal Herrian.

Hirugarren indarra izan da Orain Errepublikak. 300.000 boto pasatxo jaso ditu, eta PSOEri aurrea hartzeko ez zaio askorik falta izan. Inkestek hiru ordezkari ematen zizkioten EH Bilduk, ERC Esquerra Republicanak eta BNG Bloque Nacionalista Galegok beste alderdi txiki batzuekin batera osatutako koalizio horri, eta halaxe lortu ditu azkenean. Zerrendako bigarrena zen Pernando Barrena, eta, beraz, eserleku bat izango du Bruselan. Koalizioa osatzen duten alderdi guztien emaitzak batuta, 1.248.000 boto inguru eskuratu ditu Orain Errepublikak-ek, EH Bilduren gorakadari ERCren bolada ona gehitu baitzaio.

Bost horiez gain, beste lau euskal herritar ere izango dira Europako Parlamentuan. PPk hamabi parlementari lortu ditu guztira, eta Antonio Lopez Isturiz zerrendako hirugarrena da Bruselan izango duen ordezkarietako bat. Idoia Villanueva laugarren postuan joan da Unidas Podemosen zerrendetan, eta alderdi horreksei parlamentari erdietsi dituenez, hura izango da ordezkarietako bat. Maite Pagazaurtunduak Ciudadanosen zerrendarekin bat egin du,bigarrena zen hurrenkeran, eta alderdiak zazpi eserleku izango dituenez, Bruselan jarraitzeko aukera izango du. Izan ere, ez zaio arrotza Europako Legebiltzarra, 2014ko hauteskundeetan ere lortu zuen eserlekua, baina orduko hartan UPyD alderdiaren ordezkari gisa.

Lurraldeka erreparatuz gero, EAJ nagusitu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Aipagarria da Bizkaian izan duen nagusitasuna, bikoiztu ere egin baititu lurralde horretan bigarrena izan den PSE-EEk jasotako botoak. Nafarroan, berriz, PSN izan da Europako hauteskundeetako garailea.

Partaidetza handia

Udal eta foru hauteskundeen egun berean izateak Europako Parlamenturako bozetan ere parte hartzera animatu ditu herritarrak; hain zuzen, orain bost urteko hauteskundeekin konparaketa eginda, partaidetzarena izan da nabarmentzeko kontuetako bat. 2014an, %53koa izan zen abstentzioa, eta, atzo, hogei bat puntu txikiagoa. Orduko hauteskunde haietan EH Bildu izan zen indar bozkatuena Hego Euskal Herrian, 220.083 botorekin eta %22,1eko babesarekin. BNGrekin eta beste alderdi batzuekin batera, Herriek Erabaki koalizioan aurkeztu zen alderdia —ERC ez zegoen koalizioko bazkideen artean—, eta eserleku bat lortu zuen, Josu Juaristi zerrendaburuarena. GUE-NGL talde parlamentarioan sartu zen. Talde horrekin bat egingo du EH Bilduk oraingoan ere, nahiz eta koalizioan berarekin batera aurkeztu den ERCk ALE taldea hautatuko duen.

2014an, bigarren egin zuen EAJk Hegoadean, 213.553 botorekin —Euskal Herri osoko datuak hartuz gero, aurrena izan zen—. CiUrekin eta Galiziako Compromisorekin batera aurkeztu zen, eta CEU izeneko zerrendan bigarrena izan zen Bilbao. Guztira hiru ordezkari lortu zituen koalizioak, eta ALDE taldean sartu zen EAJ. Aurrerantzean ere han jarraitzea da alderdiaren asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.