Onintza Enbeita.
BIRA

Begiradak

2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Sutan jartzen nau bularretara begira hitz egiten didan jendeak: eo, hemen goian, hemen ditut begiak! Nik ere gustura begiratuko nuke leku askotara, baina gauza ederra da aurrean daukazunari, aurrez aurre begiratzea zerbait esaten ari denean, edo zeu hari zerbait esaten ari zatzaizkionean. Eta hala ere, aurpegira begiratzea gauza ederra izanda ere, urduri jartzen nau hipnotizatuta bezala begiratzen didan jendeak. Inpresioa izaten dut Txanogorritxuren ipuina kontatzen hasten banaiz ere hantxe jarraituko dutela, zerbait interesgarria esaten ari banintz bezala neuri begira-begira.

Ikasi dut ikusten ez nauten begiak identifikatzen. Beti dago norbait laugarren garagardoan esaten dizuna ez duela ulertzen zuk bikoterik ez izatea. Galanta zara, jatorra zara, eta bikoterik ez daukazu, baina ojo, berak ez du zurekin ezer nahi. Ez da konturatzen, baina esaten ari zaizuna da beretzat ikusezina zaren arren ezin duela ulertu nola zaren hala beste askorentzat. Besteak inuzenteak dira, baina berak egoera ikusteko gai den lagun azkarra baino ez du izan nahi.

Baina badago hitz egiten ari zarenean barrua ikusten dizuten begiak. Jartzen zaizkizu begira-begira eta zuk esaten duzuna esaten duzunean, zure barruan zer mugitzen den ikusteko gai dira. Horiek; horiek interesatzen zaizkit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.