andoni egana
HITZ ETZANAK

Koreografiak

2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Zokormazo hutsa izango naiz. Duela sei hilabete ez nekien zer zen ere, nahiz duela lau urtetik hona bazebilen Txina aldean, eta hedatzen hasia zegoen mundura. Orain, batean ez bada bestean, hor azalduko zaizu albistegietan ere. Ez naiz COVID-19az ari. Ari naiz TikTok delako plataformari buruz.

Ez da aintzat ez hartzeko zerbait. Plataforma hau dela eta Trumpek txinatarrekin badusaltsa lodiren bat, xehe-mehe zertan datzan ongi ulertzera iritsi ez naizena. Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, berriz, plataforma salatu du ezkutuko iragarkiak hedatzeagatik. Eragin handiko zortzi gazteren hamasei bideo aztertu dituzte eta ondorioztatu dute gehien-gehienetan produkturen bat ezkutuan iragartzeko baliatzen dituztela. Hori hobeto ulertu dut…

Asperduraren aurkako txertotzat hartzen da TikTok. Denak du bertan lekua, baldin eta laburra, dibertitua eta entretenigarria bada. Ni, berriz… bere baitan agortzen diren trebetasunen erakustaldi erronka-jotzaileek aspertu egiten naute; gogaitu, ikasturte amaierako jaialdirako prestatuak diruditen koreografia beti-berdinek. Ez didate aparteko zirrararik eragiten truko eta efektuek. Niri, aspertzea gustatzen zait. Nire erara aspertzea. Zartatutako lur baten zokorrei begira, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.