Onintza Enbeita
BIRA

Jende xumea

2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pasatzen duzu bizitza urruneko adibideen bila miresgarriak diren pertsonen atzetik, eta azkenean konturatzen zara zure ondoan dagoena dela inoiz inon izan den jenderik onena. Telefono dei batean, mezu batean, garagardo batean, besarkada batean, irribarre batean edo zergatik ez, larrualdi batean ohartzen zara baietz: ez dagoela jende xumea baino jende handiagorik. Liburuak diagonalean irakurtzen dituen abokatua, kuartzozko arrautza batekin aura sexuala garbitzen lagundu zizuten lagunak, bestea kantatzeko moduan ez badago berak ere ez duela kantatuko esaten duen bertsolaria, beste dibertimendurik ezean azeri berdeei jarraitzeko prest dagoen entrenamendu taldea, epidemia okerrenen erdian bizi den politikaria, beti muturka baina elkartuta dagoen klan familiarra, azokara etorri eta agintzen diezuna erosten dizuten erosle konprometituak, aktualitatearen analisia euskaraz egiteko ahaleginean ari diren berbalagunak, kontrako eztarritik sartu zigutenari eztulka bizi garen emakume taldea... eta beste zenbait. Jende xumea. Hala tokatutako lanetan energia guztia inbertitu ondoren, garagardo baten inguruan barre egiteko gai den jendea. Jende xumea. Defendatzen dituen gauzetan energia inbertitu ahala, bizitzari drama kentzen saiatzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.