Onintza Enbeita.
BIRA

Dirua

2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Harritu egiten nau dirua batu eta batu eta batu eta batu besterik egiten ez duen jendeak. Badakit hilabete amaierara positiboan iristea garrantzitsua dela, baina obsesioak denak dira txarrak. Ez dagoena gastatzea larria da, baina gehiago izan beharrak itsutzea ere bai. Leitzako emakume batek esan zidan behin alferrik dela dirua gordetzea: «Azkenean kaja txiki batean sartu behar dizute guztia», esan zidan. Ez dakit arrazoi handiagorik inork eman didan. Laurogeitik gora zen, eta zerbait jakingo zuen. Bizitzeko lain izanda, nahikoa da; baina gehiago nahi dugu.

Eta itsumenean, batzuek inguruan duten jendearena ere nahi izaten dute, eta ez dira betetzen. Eta ez dute tragorik ordaintzen. Eta sobratzen den guztia etxera eramaten dute inori aukerarik eman gabe. Eta ahal badute ez dute poterik jartzen. Eta ahal badute ez dute oparietan parte hartzen. Eta etxeak erosten dituzte, eta kotxeak, eta gauza garestiak. Eta bete gabe jarraitzen dute.

Bizitza bizitzeko dago, eta berez, bizitzen duguna da pilatzen ditugun gauza guztietatik interesgarriena: oroitzapenak, jendea, sentimenduak, egunak, ilargiak, ikusitakoak, entzundakoak... horiek dira kaja barruan kabituko zaizkigun gauzak: pisurik ez izan arren, aberastu egingo gaituztenak. Ez dakit zergatik tematzen garen dirua biltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.