Onintza Enbeita.
BIRA

Distantzia

2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Badakit normala zer den luze eztabaidatu daitekeela, baina orain arte ezagutu dugun bizimodu arrunta desagertu egin da. Eta nik ez ditut zenbait gauza normalizatu nahi.

Igandean bertso saioa izan genuen Igor Elortzak eta biok. Ez genion elkarri muxurik ere eman agurtzerakoan, apenas hurbildu ahal izan ginen elkarren ondora doinuak erabakitzeko. Publikorik ez geneukan aurrean. Kamerariak eta gai jartzailea Igor bezain gustura besarkatuko nituen, baina ezer ez.

Atzo azokara joan nintzen. Aspaldiko partez dendak irekita zeuden Gernikan. Ordea, ezin izan nuen denda jakin batzuetako atea zabaldu, egun on esan, eta bidean jarraitu. Ordua hartu behar da barrura sartzeko. Tabernetan ere ezin da sartu. Prestatutako janaria saltzen dute bakarrik. Naiararen maitasuna iritsi zitzaidan plazara, hala ere: kafea eta pintxoa bidali zizkidan amarekin goiza errazago pasatzeko. Baina ni ezingo naiz barra atzeko taburetean eseri, eta ezin go dut lanean ari den bitartean harekin hitz egin.

Bost aste elkar ikusi gabe egin eta gero, izeko Pili azokara etortzen da astelehenero. Ezin izan diogu oraindik elkarri muxurik eman: katamalo, maskara eta eskularruen atzetik komunikatzen gara.

Barkatuko didazue, baina distantzia sozial hau luzaroko etorri bada, ni errebelatu egingo naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.