Onintza Enbeita.
BIRA

Bananeroak

2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Edozein gauza gaizki doanean geure burua Errepublika Bananeroekin konparatzen dugu. Kontua da gero eta argiago gelditzen ari dela edozein errepublika, izan bananeroa edo ez, gure aldean serio ari dela lanean arlo askotan. Izan ere, hala deitzen diegun zenbat errepublikatan dimititu dute goi kargudunek tokatzen ez zitzaizkien txertoak hartzearren? Eta orain esango duzue halako lurraldeetan inork ez duela dimititzen. Litekeena da, baina onar dezagun gure Jaurlaritza ezinean ari dela COVID-19ak eragindakoei aurre egiten. Polizia atera eta jendearen bizitzetan eragiten duten neurriak hartzen dituzte aldiro, baina autokritikarik eta zalantzarik ez dago inoiz.

Positibo eman eta hogeita hamasei ordura oraindik aztarnarien berririk ez duen jendea kezkatuta dago etxean, baina errua gurea da: maskararik gabe egon gara terrazetan. Eta ez bagara egon, berdin du: haiek esango dute baietz, Gabonetan egin ditugunen erruz zabaldu dela birusa. Bitartean, ez mediku, ez erizain, ez aztarnari, ez garbitzaile, ez ohe berri. Lehengoekin moldatzea baino ez dago. Hori bai, guk sinistu egin behar dugu benetan zeudela kezkatuta osasun sistemak gainezka egin zezakeela esaten zigutenean. Ez dakit zergatik jarraitzen dugun pentsatzen ardoaren eta sagardoaren lurraldea bananena baino serioagoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.