Onintza Enbeita.
BIRA

Hamar urte

2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Atzo behin eta berriro entzun genuen «duela hamar urte». Ez dakit zenbat esaldi hasi zituzten horrela irratian, telebistan, sare sozialetan... Egia da zerbait oso garrantzitsua gertatu zela duela hamar urte eta egun bat: ETAk bere jarduera armatua behin betiko uztea erabaki zuela azaldu zuen publikoki. Erabakia ondo edo gaizki hartu, historikoa izan zen iragarpenaren tamaina. Ez zuen ia inor sorpresan harrapatu, hala ere. Itxaroten genuen halako zerbait, eta Aieteko Adierazpenaren ostean, bagenekien Espainiako eta Frantziako gobernuak ez zirela izango pausoak ematen lehenak. Ez lehenak ez bigarrenak ez ezer. Espainiako Gobernuak lehen bezain itsu eta gor jarraitzen du. Mutu ez, jakina; mutu ez.

Gauza garrantzitsuek nostalgia eragiten digute, atzera begiratzera eramaten gaituzte. Eta gaur, ETAk behin betiko su-etena iragarri zuenetik hamar urte eta egun batera, orduko antzera jarraitzen duten gauzak badira. Eta horrek nostalgiatik tristurara eramaten nau. Izan ere, atzo jende askok adierazi zuen ze lasaitasun hartu zuen berria entzutean edo ze poz sentitu zuen. Zilegi da emozioak bizi bezala kontatzea. Ordea, bada hemen lasaitasun hori bera eta poz hori bera bizitzea merezi duen jenderik. Hamar urte eta egun bat geroago, ez zaie bake hori eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.