Onintza Enbeita.
BIRA

Itzulpenak

2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gaur itzulpenaren nazioarteko eguna da. Denak dauka egun bat, bada, itzulpenak ere bai. Gauza on asko ekarri dizkigu itzultzeko gaitasunak. Zinema, literatura, iritzi artikuluak, kongresuak... gozatu ahal izan ditugu euskaraz itzulpenari esker. Mila esker, beraz, ikusten ez den langintza horretan aritzen zareten guztioi. Gauza logikoek lekurik ez daukaten munduan bizi gara, ordea. Hizkuntza batetik besterako itzulpenik apenas behar dugun gizakiok. Benetan behar duguna gure hizkuntzatik gure hizkuntzarako itzulpena da. Izan ere, nik ez dakit jende batek zer ulertzen duen abiadura handiko trena irakurtzen duenean, edo Miren Larrion entzuten duenean, edo Athletic ikustera doanean, edo feminismoaz hitz egiten diogunean, edo Ukrainako gerraz ari garenean, edo Euskaraldiaren beharrak esan nahi duena esplikatzen zaionean, edo gizonek egun bat zergatik ez daukaten milagarren aldiz esaten zaionean. Nik ez dakit euskaldun askok zer ulertzen duen. Ezta euskaraz ari natzaionean ere. Gure ahots kordetatik ateratzen diren soinuak berdinak dira, baina esanahietan galdu egiten gara: ez dut jende askorekin elkar ulertzerik lortzen.

Eta pentsatu dut itzulpenak egiten hasi behar dugula gure hizkuntzatik gure hizkuntzara, kontzeptuz kontzeptu, ulertzeko prest gaudenok gauza bera ulertu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.