andoni egana
HITZ ETZANAK

Esan

2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Anaia etorri zitzaigun bila aireportura. Familia ia osoa gindoazen eta hasierako musu eta besarkaden ondotik sartu ginen autora eta abiatu ginen New Yorketik iparralderantz. Dena zen berri guretzat, eta leihotik begira gindoazen mutu. Amak, ordea, anaiaren eta familiaren kontuak jakin nahi, eta berriketaldiari ekin zion. Ez zuen nonbait anaiaren azalpenik nahi bezain ozen entzuten eta agindua eman zion autoko irratia itzal zezan: «Kentzak hori, motel! Jardun eta jardun eta jardun ari duk eta ez dik ezer esaten!». Barre egin genuen guk. Nola esango zion, ba, zerbait gure amari, ingelesez ari zen eta!

Donostian ere bizi izan genuen antzeko zerbait. Beste herrialdeetako inprobisatzaileak gonbidatu genituen lehen aldi hartan, sagardotegi batean ehunka lagunek afaldu ostean, Menorkakoak hasi ziren euren hizkuntzan glosak inprobisatzen. Ordu erdi luze iraun zuen saioak, eta gure edukazioak hamar bat minutu. Handik aurrera burrundada nagusitu zen. Haiek ere jardun eta jardun eta jardun ari ziren... eta gutariko askorentzat ez zuten nonbait deus esaten.

Maiz pentsatu izan dut gu ere, kazetari, sortzaile, artista euskaldun, halatsu garela euskaraz ez dakiten euskal herritarrentzat: jardun eta jardun eta jardun eta... ezer esaten ez dugunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.