andoni egana
HITZ ETZANAK

Panama

2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Javier Clementeren argazki bat ikusi ahal izan dugu egunotan. Panaman dabil euskal selekzioarekin, hautatzaile lanetan joanda. Lehen mailako bost euskal taldeetako entrenatzaileak euskal hiztun egokiak diren honetan euskal selekzioaren hautatzaileak euskaraz ez jakitea esanguratsua bada ere, belarrien ordez begiak itsatsi dizkiot argazkiari.

Clementek kamiseta darama soinean. Bertan, Euskadi irakur daiteke letra larrietan. Eta txikixeagoetan Astore, kirol-arropen marka aski ezagunaren izena eta logotipoa. Irudia hegazti batena denez, pentsatzekoa da orain aztoretzat hartzen duguna dagoela marka izenaren oinarrian. Eta Pello Esnalek aspaldi irakatsi zigun aztore hori gaztelerazko azor dela, hegazti harrapakaria, zapelaitz edo gabiroien tankerakoa. Eta gazteleraz azorarse aditza sortu zen era berean sortu zela gure aztoratu. Eta aztoratu-k adierazten duela, azorarse-k bezalaxe, ganadu-jendeak edo lurrean dabiltzan hegaztiek aztore mehatxatzailea sumatzen dutenean ateratzen duten zalaparta, orain hara orain hona, noraezean ihesi, nonbaiten babes bila.

Txita urrikalgarriak dirudigu, gure aztoramenduan Panamaraino ere joateko gai. Alderdi politiko jakinen batek aztoreari halako izurik ez balio, hurbilago genuke ofizialtasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.