Onintza Enbeita
BIRA

Salaketak

2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berriro ere entzun dut politikari bat salaketa faltsuez berbetan. Genero indarkeriaren gaiak daukan arazorik handiena horixe ei da: emakumeek legea baliatzen dutela, gezurra esan eta gizonen kontra jotzeko. Ez dakit zenbat aldiz esplikatu dugun halako baieztapenen atzean ze lokatz klase dagoen. Indarkeria jasan duten emakumeetako zenbaitek salaketa faltsuak egin dituela esateak ahalbidetzen duen bakarra da barrutik txikituta dagoen emakume bat oraindik eta gehiago hondoratzea poliziarengana edo epailearengana doanean. Demagun norbaitek mobil berria eman diezaioten zaharra ostu diotela salatu duela, eta ondorioz, horren ostean datozen lapurreta guztiak ustezko bihurtzen direla. Inork ez du halakorik pentsatzen, ezta? Zalantzak indarkeria matxistaz ari garenean bakarrik sortzen zaizkigu.

Bada, salaketa faltsuak ez dira salaketa guztien %1era heltzen. Ez hori bakarrik: gehiago dira salatu gabe gelditzen diren erasoak, izan gabe asmatzen direnak baino. Beraz, ea halako batean ikasten dugun genero indarkeriaren arazorik handiena, eta ez horregatik bakarra, emakumeak hiltzeko inpunitatea sentitzen duten gizonak direla. Eta inpunitate hori hezkuntzak, gizonentzat eraikitako mundu binarioak eta politikari honek egin dituen moduko adierazpenek ematen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.