andoni egana
HITZ ETZANAK

Minak

2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Bagenekien borroka-leku ekaitzez betea zela, baina ezpata dantzatzeko garaian ere moduak eta moduak daude. Navarra Suma koalizioaren eledunak erarik zarpailenaren erakustaldia eman zuen atzo goizean Nafarroako Legebiltzarrean legealdiko lehen osoko bilkuran. Mihia mihizto aritu zen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko Lehendakariari galdezka: Espainiako errege-erreginei lurraldea bisitatzeko gonbita noiz egin behar dien, euskararen «inposizioa» babesten duen dekretua noiz indargabetu behar duen...Epaile zipotza zirudien Javier Esparzak eta bere buruaz oso ziur ez dagoen akusatua Txibitek. Gailentzen ari zen nik nahi ez nuena.

Halere, telebistaren aurrean jarria, ez nintzen haserretu; ez nintzen sumindu. Bataren oilar jarduera lotsagabearen eta bestearen erantzun totelen lekuko soil izan nintzen. Niri ez balegokit bezala, urrutira, segi nuen eztabaida. Jabetu nintzen, axaleko minak pipertu eta minzorriak lelotu egiten gaituen modu berean, minak, min minak, presazkoa eta garrantzitsua bereizten laguntzen digula.

Presazkoa da atzo goizean Nafarroako Legebiltzarrean entzundako sasi-iritziei buelta ematea. Garrantzitsura egiten zidan, ordea, behin eta berriz bihotz minduak ihes. Jon Barberenak utzi digun hutsunera. Nafarroan. Eta ez han bakarrik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.