andoni egana
HITZ ETZANAK

Talkak

2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Hiru mahaitan ari ginen kafea hartzen terraza batean. Nire adin moduko gizonezko bat; ama-alaba bi; eta neroni, azkena iritsia. Bero-zapa zen, eta siesta ordua. Eseri orduko entzun nuen gizonezkoak ondoko mahaiko bi emakumeei nola kargu hartu zien, aukeran ahotsa behar baino gehiago ozenduz: «Egin ezazue euskaraz, badakizue eta!». Amak, jiratu eta arrazoia zeukala esan zion. Gizonezkoak nire onespena bilatu zuen: «Egia da eta! Dakigunok egin behar ez badugu...». Bekainak harrotuz erantzun nion, bere berotasunaren eta nire epeltasunaren artean arrakalarik suma ez zezan.

«Guapa! Hi bai hi, emakumea!», egin zion oihu handik pixka batera gure parean hamar-hamabost metrora pasatu zen emakume bati. Bere bideari segitu zion horrek diosal moduko bat eginda. «Egia hori ere...», begiratu zidan nire onespenaren bila. Ez nion arrazoirik eman nahi izan. Ezagutzen zuen galdetu nion, ezaupideak eta bien artean egon zitekeen komunikazio koderen batek jarrera zurituko ziolakoan. Ezetz erantzun zidan, ez zuela ezagutzen.

Bizkor kondartu nuen kafea. Alde egiteko presa. Arnasa pixka bat hartzera irten eta itomena sortzen zidan arrazoiaren eta egokieraren arteko talkak, hizkuntzenak, berdintasunarenak... Irtenbidea hain katramilatsua izanik, hobeto nengoen etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.