andoni egana
HITZ ETZANAK

Isil-isilik

2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Pandemia garaian entzundako berrietan gehien hunkitu nautenetarikoa izan da. Gomendio gisan bota dute, baina gomendio bera ere nahikoa latz iruditu zait. Lanera edo eskolara bidean, garraio publikoan zoazenean, musukoa ez eranzteaz gain isilik joatea gomendatzen da.

Bakarrik bizi denaren lekuan jarri naiz. Etxea-lantokia-etxea du eguneroko bizimodu murriztuaren ibilbide. Etxean norekin hitz eginik ez du. Lantokia ez da lekurik egokiena arrangurak azaleratzeko. Han irentsi egin behar da derrigor. Bere arnasbide bakarra du, autobusa hartu eta lanera bidean edo lanetik bueltan egindako lagunekin egunari buruzko gorabeherak aletzea. Lantoki berean ez aritu arren, langile bik ongi ulertzen dute elkar.Bus-aulkia konketa, han egiten du oka lehen gogoz kontra irentsi behar izan duena. Bulegokoei berriz ere ahaztu egin zaiela hilabeteko ordu estrak nominan sartzea; nagusiak gero eta gehiago eskatzen diola eta gero eta gutxiago ematen; lankide bat baduela kontakatilu hutsa, beste bat huntzarena egiteko baino ez dela bizi, bestea… Purrustaka aritzeak barrunbea sosegatzen dio.

Aurrerantzean, isilik egin beharko du lanerako joan-etorria ere. Ez zaio birus berririk ahotik sartu-irtengo. Baina lehendik barruan zeukana legamiatzen hasi zaio…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.