andoni egana
HITZ ETZANAK

Gazteleraz

2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Inoiz edo behin egin izan diot galdera neure buruari: «Non eta noiz ikasi huen hik gazteleraz?». Erantzun argirik ez dut aurkitzen. Ikastolan ez; are gutxiago etxean; umetako lagun kuadrillan ere ez, gelakideak ziren gehienak eta; etxera telebista elebakarra heldu zenerako koxkortua nengoen, eta esango nuke banekiela gazteleraz... Beraz, oharkabean ikasi nuela onartu beharko dut. Kalean apurren bat; irratia entzunez beste apurren bat; apurren bat baino gehiago egunkariak irakurriz; zineman beste amiñi bat... Apur askok, pila.

Espainiako Auzitegi Gorenak epaia eman du. Eta okerrena: legea epai izan ordez, epaia lege bihurtu nahi du. Kataluniako ikastetxeetan egunero ordubete pasa egin beharko dute gazteleraz. Ikastorduen %25 gutxienez, gazteleraz eman beharko dute Kataluniako ikastetxeetan. Orain artean adostasun zabalen bitartez lorturikoaren kontrako norabidean doa epaia. Eta Kataluniarekiko jarrera hori hartu badute, gurera ere zer etor daitekeen pentsatzen hasteko garaia da.

Daudela lasai Madrilgo epaile txit goren horiek. Gaztelania ez dabil arriskuan. Gure ondorengo belaunaldiko bertsokideei neure buruari egiten diodan galdera bera zuzentzean, zirkinik egin gabe erantzuten dute: «Non ikasi nuen gazteleraz? Ikastolan!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.