Onintza Enbeita.
BIRA

San Antonio

2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ez da denbora asko, bertso afari baten harira, ezertara eramaten ez gaituzten elkarrizketa horietako batean, ea ezkonduta nagoen galdetu zidatela. Ezetz erantzun nuen, eta, orduan, badaezpada, galdetzailea zehazten saiatu zen: «orain ez da inor ezkontzen», esan zidan, «baina izango duzu baten bat». Ezetz nik. «San Antoniorengana joan beharko da», bota zuen azken sententzia.

Atsegina izan nahiaren eta barruan lehertzear neukan lapikoaren arteko oreka ezinezko batean, kontatu egin nion nola joan nintzen behin Urkiolara harri horri bueltak ematera. Ordea, alboko tabernan zerbeza bat hartzen nengoela, damutu egin nintzela. Hasteko, ez nekien San Antoniok neska edo mutila sartuko zuen nire ohean. Gizona sartzen baldin bazuen, laster ziren lagunak ezkontza eske. Eta, gero, familia ume eske. Eta umea ez baletor jendeak uste duen garairako, han joan beharko nuke beste harri batera ume bila. Eta behin ume bat ekarriz gero, munduak bigarrena eskatzen du. Eta, hainbesteko estutasuna sartu zitzaidan, ezen berriro harriraino joan eta kontrako norabidean eman bainituen bueltak konjurua apurtzeko. Ezin dut esplikatu nire ezkontzaren kezka hartu zuenari zein aurpegiera gelditu zitzaion nire historia entzunda, baina zin dagizuet, lasaitasun handia dela kontrako norabidean bueltak ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.