andoni egana
HITZ ETZANAK

Spassky

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Koloretako mundua behin eta berriz aipatzen dugun garaiotan, onar dezadan zuri-beltzekoak ere bazuela bere xarma. 1972. urtea aurrera zihoan, eta bataren edo bestearen alde jartzea ia derrigorrezkoa zen, hain ziren zuri eta beltz protagonistak, hain zegoen mundua bitan banatua eta hainbeste hauspotu zen norgehiagoka hura! Bata sobietarra, txapelduna, gizon lasaia eta imintzio gutxikoa. Yankia bestea, kattagorriagoa, gutiziatsuagoa berriek ziotenez, txapelaren bila zihoana... Zuri eta beltz. Eta bataren edo bestearen alde mundua, nahizgehienok xakezaleak izan ez.

Fischerrek txapelketa jokatzeko jarri zituen baldintzen berri izan genuen: eskainitakoa baino diru-sari handiagoa, telebista kamerarik ez aretoan, ikusleen lehen lerrokoak gutxienez hamar metroko tartera egotea, hamar urtetik beherako haurrik ez... eta zilar-paperetan bildutako txokolatinak sartzea galeraztea publikoari. Zer zuen ba txarrik zilar-paperak? Guk, urte sasoi batetik aurrera, gorde egiten genuen naximentuko ibaia egiteko...

Jokatu berri da munduko xake titulua. Berdindua eta zirraragarria izango zen, baina ez du, hurrik ere, behialakoak adinako zuri-beltzik lortu. Oharkabean pasatu zait niri, noren alde nengoen erabakitzeko ere lausoegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.