andoni egana
HITZ ETZANAK

Batera

2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Asteazkena. Arratsaldeko bostak laurden gutxi. Bi kale gora, gu iristen eta hura ere bai. Segituan ohartu ginen leku berera gindoazela. Gu, bi bertsolari Adin Adin programaren barruan Zaharren Egoitzara ordubetetxo bat bertsotan, kontu-kontari eta kantuan ematera gindoazenak. Hura, funerariako autoa. Bostetan genuen hitzordua, eta kanpoan itxaron genuen funerariako langileak bere lana egin bitartean. Bidenabar esanda, ohartu nintzen funerariako autoa dabilela, joanean ikustea zerbait neutroa dela. Izugarri bihurtzen dela, atzeranzko martxa sartu eta ipurdia norabait egokitzen hasten denean...

Sartu ginen, eta ongi joan zen dena. Han ez zen espanturik eta negar txiliorik. Han, arratsaldeak eguneroko martxa zeraman. Segur aski, gure kantu eta bertsoek gehiago apurtu zuten errutina autoaren bisitaldiak baino.

Horrelakoetan jabetzen zara heriotzarekiko ere distantzia desberdinak ditugula. Oso urrun oso umetan edo oso gertu oso adindurik sumatzean ez diola pertsonari aparteko zirrararik eransten, edo erantsita ere isilean eta naturalago hartzen asmatzen duela. Gu gara, ez oso ume eta ez oso zahar, funerariako autoa martxatrasean ipurdia egokitzen hasten denean, geure etxe atariaz akordatzen hasten garenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.