andoni egana
HITZ ETZANAK

Serioegi

2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Itxialdiko bi hilabeteotan lehenaz gainera ugaldu egin dira, Interneten nahiz telebista kateetan, zerbait egiten irakasten duten tutorialak. Baita gimnasia nola egin norbaitek gidatu eta erakusten digutenak ere. Denetarik dago: zaharrentzat, helduentzat, haurrentzat; indarra lantzekoak; zalutasuna indartzekoak; mendirako entrenamenduak nahiz kalerakoak; pisuak erabiliz edo gabe... Oro har, badute ezaugarri bat bideoaldi horiek: umorerik eza. Serio aritzen gara, batzuk agindu eta besteek egin. Pantailakoak hala agindu digulako ezkerreko hanka txakurrek pixa egiteko bezala sei aldiz segidan altxatzen duen pertsona baino gauza graziosoagorik ez dela ahaztu egin zaigu. Umorea txiste, meme eta horrelakoetara baztertu dugu.

Nik, huskeriak serio egiteaz aspertu zaretenontzat, gauza serioak hutsalak balira bezala egiteko bide bat proposatuko dizuet. Tristan Tzara dadaismoaren sortzaileak aurkeztu zigun duela ehun urte: «Hartu egunkari bat. Hartu guraizeak. Zuen poemarentzako nahi zenuketen luzera daukan artikulu bat aukeratu. Moztu kontu handiz hitz bakoitza eta zakutxo batean sartu zati oro. Eragin goxo. Atera bata bestearen atzetik hitz guztiak, eta irten diren ordenean kokatu. Kopiatu txukun. Poema egina dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.