Identitate ugarien irudiak

Anna Daucikovari, Erlea Manerosi eta Ainara Elgoibarri erakusketa bana zabaldu die Artium museoak. Argazki eta bideo formatuan egindako artelanak dira, eta elkarren osagarri izan daitezke

Argazkiak eta ikus-entzunezko piezak dira nagusiki Anna Daucikovaren erakusketan ikus daitezkeenak. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak elkarren osagarri izan daitezkeen hiru erakusketa aurkeztu ditu aldi berean: Not Belonging to and in Solidarity with izenekoak Anna Daucikova artistak 1980ko hamarkadatik gaur arte egindako ibilbidearen ikuspegi zabala eskaintzen du; The Voice of the Valley-k, berriz, Erlea Manerosek azken bost urteetan egindako lanak biltzen ditu, eta Gold 20. Fundir y parar erakusketak, azkenik, Ainara Elgoibarren ikus-entzunezko piezak jarri ditu ikusgai. Aurreneko biak irailaren 18ra arte izango dira ikusgai; hirugarrena, maiatzaren 29ra bitarte.

Beatriz Herraez Gasteizko museoko zuzendariak gogora ekarri du Artium zabaldu zela hogei urte beteko direla hil honen amaieran, eta efemerideak berak bultzatu dituela aldi berean hiru erakusketa aurkeztera. Herraezen hitzetan, erakusketa bakoitzak bere ezaugarriak eta berezitasunak ditu, praktika artistikoa ulertzeko eta lan egiteko modu propioa duelako artista bakoitzak ere. Baina elkarren arteko loturak antzeman daitezke, haren ustetan. «Badago nolabaiteko osagarritasun bat elkarren artean. Bisitariek hiru artisten praktikak zeharkatzen dituzten zenbait lerro edo ihesbide antzemango dituzte».

Formatua da horietako bat, nagusiki irudiekin osatutako erakusketak baitira hirurak: argazki eta bideo formatuan egindako piezak jarri dituzte ikusgai Daucikovak eta Manerosek, eta bi film proiektatuko ditu Elgoibarrek. Obra horien bitartez hizpide dituzten gaiak izan daitezke beste zehar lerroak: identitateak, historiak, propagandak eta zentsurak lotzen baitituzte lan guztiak.

Gerraren zantzuak artean

Eslovakian jaio arren, lotura estua dauka Ukrainarekin eta Errusiarekin Anna Daucikovak (Bratislava, 1950), herrialde horietan hasi baitzuen bere ibilbide artistikoa. Hori horrela, gerraren albo kalteak artearen bidez kontatu nahi izan ditu artistak. Along the Axis of Affinity: Seven Years Later lana da horren erakusgarri. 2015ean Kieveko Biurtekorako sortu zuen pieza hori, Ukraina ekialdean gerra piztu zenean, baina berrikusi egin du orain, egungo krisiari erantzun eta esanahi berri bat emateko. Bideo proiekzio bat da, zeinetan Kieveko, Bratislavako eta Koloniako (Alemania) eraikinen plano geldo eta luzeak ikus daitezkeen. Hirugarren proiekzio bat gehitu dio artistak obrari, gerra garaiko Kieveko kaleen irudiekin.

Erakusketa Daucikovaren ibilbide artistikoaren atzera begirako bat da, halere; azken 40 urteetan ondutako lanen bilduma bat. Hemen inguruan egiten den aurrenekoa da, eta Zbynek Baladran artistarekin elkarlanean egin du aukeraketa Daucikovak berak. Hainbat bideo, argazki eta collage serie biltzen ditu erakusketak, hiru aretotan sakabanatuta, eta artelanei esanahi berriak ematen dizkien «harreman sistema bat sortzea» izan dute helburu hasieratik. Hala, aurrez aurre jarri ditu, esaterako, genero identitateaz gogoetatzen duten Upbringing Exercise argazki seriea eta Talking to you bideo lana.

Izan ere, praktika artistikoa performancearekin eta aktibismoarekin uztartu izan du maiz Daucikovak. 1990eko hamarkadaz geroztik, mugimendu feministaren erreferenteetako bat da, eta queer gisa identifikatu izan du bere burua publikoki. Besteak beste, horri buruzko gogoetak egin izan ditu bere lanetan.

Historia aurrez aurre

Areto bakarrean eta elkarren arteko «elkarrizketan» jarri ditu azken bost urteetan egindako lan batzuk Erlea Maneros Zabalak ere (Bilbo, 1977). Lau dira zehazki erakusketan ikusgai daudenak: Exercises on Abstraction IV eta Temporal Arrangements serieak, The Voice of the Valley filma eta Prompt Book proiektua.

Azken bi lan horietan, esaterako, propagandaren eta eskuin muturreko ideologiaren arteko lotura egiten du artistak. Izan ere, Prompt Book Madrilgo Reina Sofia museoarentzat 2016an egindako lana da, Artiumerako berritu duena. Francoren aldeko zenbait artistaren lanak biltzen zituen areto bati buruzko horma irudi bat egitea zen asmoa, baina irudiak erabiltzeko baimena ukatu zioten azkenean, eta horien irudikapen abstraktu bat egin behar izan zuen. Orain, ordea, irudi horiez gain, egin asmo zituen marrazkiak ere ikus daitezke.

Erakusketari izena ematen dion bideoan, berriz, Maneros bera ikus daiteke AEBetako bere tailerrean lanean, Donald Trumpen aldeko mezu «kontserbadore eta libertarioak» lau haizeetara zabaltzen dituen irratia entzuten den bitartean. «Hasieran ez nuen artelan bat egin nahi, baina gero konturatu nintzen garai baten erretratua izan zitekeela». Denboraren joanaren, garai historikoaren eta praktika artistikoaren inguruko gogoetak josten ditu gainerako lanak ere.

Desagertzearen sortzea

Z aretoaren programa barruan kokatzen da Ainara Elgoibarren (Mungia, Bizkaia, 1975) Gold 20. Fundir y parar erakusketa. Artistak ikus-entzunezko bi pieza (Gold 20 eta Glas Marte Cut filmak) eta maketa bat jarri ditu ikusgai Artiumen, denak ere jarduera eta ekoizpen industrialaren inguruan ondutakoak. Zehazki, arkitekturan erabiltzen den Gold 20 izeneko beiraren fabrikazio prozesuaren bueltan sortu ditu. Beira berezia da, Elgoibarren hitzetan, eta ikonografikoki ere esanahi berezia dauka. Gainera, uste du bere «zikloa amaitzen» ari dela, gero eta gutxiago erabiltzen delako.

Erakusketarekin, produktuan ez ezik, prozesuan ere jarri nahi izan du arreta: «Ekoizpen prozesua jasotzea garrantzitsua da, baina baita pelikula egiteko prozesua ere: hau da, zelan kontzebitzen den artistaren presentzia fabrika baten barruan, eta zenbaterainokoa den kontrolatzeko nahia». Hain zuzen, enpresa batean filmatu zituen irudiak erabiltzeko betoa jarri zien zuzendaritzak, eta belztuta ageri dira ondorioz pelikulan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.