andoni egana
HITZ ETZANAK

Zaunka

2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Gaizki-esaka ari zen nik ezagutzen ez nuen bere lankide bat ahotan hartuta. Alferra zela. Ez zituela lanak behar bezala egiten. Nagusiari ipurdia miazkatzen zela ona. Horretanxe. Ikusi besterik ez zegoela zeinen gaizki joan zitzaion bizitzan. Eta erretolika amaitzeko, inondik ere espero ez zitekeena bota zuen: «Txakurrik ere ez dauka eta!».

Nik ere ezetz, ez neukala txakurrik esan nion. Isildu egin zen. Ni ere bai. Kostata. Ez nion erantsi, lankideari ematen ari zen tratua ikusita, ez nintzela harritzen bere lagunik onena txakurra izatea. Gainera, erabaki nuen ez zuela merezi ika-mikan hastea, ohituegia zegoela aurkako argudiorik ez entzutera.

Sasoi batean, zarpail janzten zena, zorrak kitatzeko ohiturarik ez zuena, jokalaria... zeuden gaizki ikusiak. Orain, itxura denez, txakurrik ez izatea orbain bihurtu da. Eta inork ez du seinalatua izan nahi. Ez al da Bilbon ume baino txakur gehiago gaur egun? Garai batean, pertsona klase batek beste batzuengatik mespretxuz esaten zuena mingarri zen oso: «Txakur-txikirik ere ez dauka eta!». Baina haiei zertaz ari ziren antzematen zitzaien gutxienez. Txanponez. Irain ezin klasistagoa zen «txakur txikirik ere ez dauka eta!» zahar hura. Ez dakidana da ze klasetako iraina den «txakurrik ere ez dauka eta!» berri hau...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.