BIRA

Pisua

Onintza Enbeita -

2018ko azaroak 27
Aste osoa, hilabete osoa, uda osoa egoten da bat txapelketaren zain. Eguerdian inoiz ez dadila etorri pentsatzen duzu, eta gauean pasatuta egotea da desio duzun bakarra. Ingurukoek aurten baietz errepikatzen dizute, eta urrunagokoek ez dute arrastorik ere bertsoez, txapelketaz eta zure barru nahasiaz. Zeure buruari inozo galanta izatea leporatzen diozun aldiro, zerbaitek esaten dizu gauza ederrak dituela txapelketak: lehenengo ilarako betaurreko ezagunak, beti berandu heltzen den lagun hori, iloben muxuak, besarkadak, pankartak, amaren begirada konplizea, aitaren ahots dardaratia...

Amaitzen denean, harri handia kentzen duzu gainetik. Irabazi ala galdu, pasatu da; eta lasai lo egiten duzu.

Bitartean zaila da lasaitzea, ze txapelketak justutik adina du injustutik. Epaileek zorrotz eta egoki egiten dute euren lana, baina ez da justua plazan behin eta berriro harritzen gaituzten bertsolariak finaletik kanpo gelditzea. Gehiegizko presiopean ari gara.

Eta berriz ere pasatuko da, eta berriz ere utziko ditu gauza onak eta txarrak. Eta berriz ere izango da momentu magiko bat beste guztia estaliko duena. Eta kenduko diogu geure buruari pisua, eta urte bi barru ipiniko diogu handiagoa. Eta berriro pentsatuko dugu ez duela merezi. Sano ote gaude?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna